11/14/2024 | Press release | Distributed by Public on 11/14/2024 10:31
Kulturarteko jardunaldiaren bosgarren edizioa izango da abenduaren 13an egingo dena. Hizkuntza izan da aurreko edizioetako gai-ardatza; aurten, kulturartekotasunean, ekitatean eta elkarbizitzan jarriko da arreta. 'Kulturartekotasuna eta elkarbizitza. Zer ikasi dugu eta zer dugu ikasteko?' izenburupean, adituen hitzaldiak eta irakasleen, familien eta ikasleen ahotsak jasoko ditu egitarauak.
Bosgarrenez egingo da kulturarteko jardunaldia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko Eskoriatzako campusean. Abenduaren 13an egingo den jardunaldiak 'Kulturartekotasuna eta elkarbizitza. Zer ikasi dugu eta zer dugu ikasteko?' izango du izenburu moduan, eta kulturartekotasuna, ekitatea eta elkarbizitza izango dira gai nagusiak.
Euskara izan da aurreko edizioen ardatza; bosgarren edizioaren asmo nagusia horrela azaldu du talde antolatzaileak: "Ukaezina da eskoletan badagoela aniztasun soziala, eta migratutako familiekin batera aniztasun hori areagotu egin da. Elkarbizitzarekin eta ekitatearekin lotuta, erronka ugari daude ikastetxeetan eta hainbat esparrutan eragin behar da. Kontuan hartu behar dira, alde batetik, desberdinkeria ekonomikoa eta soziala (aporofobia ahaztu gabe) eta arrazakeria (aurreiritziak, estereotipoak eta diskriminazioa barne hartuta). Beste aldetik, ikastetxeetan egon badaude mundu ikuskera desberdinak (historian, biologian, aniztasun sexualaren arloan…), aniztasun erlijiosoa, identitatearen eraikuntzaren auzia, familia guztien parte-hartzea bultzatzeko premia… Arlo horietan aurrerapausoak egiten ari gara eta ez da gutxi azken urteotan ikasi duguna, baina, aldi berean, badakigu, ondo jakin ere, asko ikasi behar dugula oraindik ere". Jardunaldi honen helburua zalantzak eta erronkak partekatzea eta gogoeta egitea izango da.
Bosgarren edizioa
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariek sarrera egin ondoren, bi mahai-inguru antolatu dira. Lehenengoan, zenbait irakaslek gogoetak partekatuko dituzte (Eli Dominguez, Amaia Jackson eta Saioa Gomez Tejeria). Bigarren mahai inguruan, guraso eta ikasleen bizipenak eta hausnarketak bilduko dira Hayar Samadi, Yuan Alexandra Martínez Pareja, Ruba Hassan eta Safuan Tahiri ahotan. Horrez gain, hitzaldia emango du Maia Amrane kultur aniztasunean adituak. Jardunaldian izena eman daiteke abenduaren 11ra bitartean, izen-emate orriabeteta.
Egitaraua
09:00 Harrera.
09:15 Agurra.Nagore Ipiña Larrañaga Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa.
09:30 Sarrera. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak
Hizlariak: Ane Urizar, Marta Quintas-Quintas, Amelia Barquín.
10:15 Mahai-ingurua I. Irakasleen ahotsak
Hizlariak: Eli Dominguez, Amaia Jackson, Saioa Gomez Tejeria
11:30 Atsedena
12:00 Hitzaldia: Kulturarteko bizikidetza ikastetxeetan. Zenbait gogoeta
Hizlaria: Maya Amrane (Biltzen)
13:00 Mahai-ingurua II. Familien eta ikasleen ahotsak
Hizlariak: Hayar Samadi, Ruba Hassan, Yuan Alexandra Martínez Pareja, Safuan Tahiri
14:15 Ondorioak eta itxiera